Ostegunetik igande goizaldera arteko egitarau betea osatu dugu aurtengoan ere, eta zalantzarik izango bazenute (espero dugu ezetz), hemen dituzue nondik norako guztiak. (OHARRA: KONTZERTU GUZTIAK, DOHAINIK)
Ostegunean, urriaren 20an, ekingo diogu musika jaialdiari, eta ohi dugun legez, D’elikatuzek hartuko du lehenengo kontzertua. Egun horretarako Griffo taldea izango dugu, talde berria, Mikel Urretagoiena bateria-jotzaile ordiziarrarena, hain zuzen ere. Iñigo Bregelek (teklatuak eta ahotsa), Dani Pozok (baxu elektrikoa) eta Mikel Urretagoienak (bateria) sortutako hirukotea da Griffo. Musika klasikoa, rock progresiboa eta jazza uztartzen ditu proiektuak. Kantuak sorkuntza kolektiboko lanaren emaitza dira eta horietan dinamikak, letrak eta energia izugarria gailentzen dira. Ez galdu zuzenekoa ikusteko aukera.
Ostiralean, berriz, metala eta rocka nagusituko dira frontoian. DJ Nazareno jaialdiko disko jartzaile egoiliarra garabira igoko da gustu handiko musikarekin giro aparta jartzeko.

Kataluniatik etorritako Serapis Project taldea izango da ostiralean oholtza hartuko duenetako bat, metal progresiboaren indarrarekin jendea berotzeko.
Zer esango dugu Izurri Berriari buruz? Eszenatokira igotzen direnean denboran atzera egiteko makina bat hartuko dugu askok, eta gazteagoak ginenekoak etorriko zaizkigu gogora metal talde ordiziarraren doinuak hasten direnean. “Goazen gora!”
Ostiraleko hirugarren taldea Lukiek izango da. Bizkaitik etorritako hirukoteak bigarren diska kaleratu zuen 2021eko amaieran, eta lehenengoarekin D’elikatuzen zer egiteko gai ziren ikusi bagenuen, zer ez ote dute egingo frontoian?
Larunbatean oraindik egongo da zertaz gozatu Ordiziako frontoian: DJ Monky Man, Big Bad Man, J Martina, Kerobia eta Belako DJ Set.
DJ Monky Manek, Ordiziarrock Ekintzen DJ egoiliarrak, elektronika eta rocka uztartuko ditu bere saioetan, arratsaldetik goizaldera arte.

Big Bad Manen atzean daudenak ezagututa, ezer txarrik ezin zen atera… Bada, emaitza jaialdian ikus-entzun ahal izango duzue. Bideoklip honekin akordatzen zarete?
Baseekin jolasteko gogoz abiarazi zuten Kattalin eta Ane Barcena ahizpek J Martina egitasmoa, eta Javi Jorajuriarekin batera osatu zuten hirukotea. Asmo argiz sortu zen taldea: kideek garbi zuten nola landu nahi zuten haien musika, baita zer komunikatu nahi zuten ere. Azkenaldian moda-modan dagoen pop-elektronika taldea izango dugu larunbatean Ordiziarrocken.
Talde hasi berri batetik, ibilbide luzea eta aski ezaguna duen batera. Kerobia nafarrak kontzertuak ematera itzuli ziren etenaldi baten ostean, eta 20 urteotako lana taularatuko dute gurean Xabi Bandinik eta bere kideek. Dena den, atzera begira ez ezik, iaz kaleratutako ‘Hilak’ ere ekarriko dute besazpian.
Musikarekin amaitzeko, aparteko emanaldi batek esango dio agur XIX. ekitaldiari, Belako DJ Setek. Cris Lizarraga Belako taldearen abeslari eta artista polifazetikoak feminismoa musikatuko du aukeraketa berezi batekin, bere taldearen remixekin tartekatuta, eta denok dantzan jarriko gaitu ziur.

Guztien musikarekin zerrenda bat osatu dugu Spotify streaming plataforman, nahieran entzun dezazuen.
Horrez gain, jan-edana egongo da, eta janaria hauen eskutik etorriko da:



